Esta web usa cookies

Larraungo Harana

Talo Eguna de Leitza

LEITZAko XIII. TALO EGUNA: Irailak 17 – Igandea

Datorren igandean, irailak 17, taloa izango da protagonista Leitzan. Beste urte batez, (hamairu jada), Leitzako Udalak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatu dute “talo eguna”, bertan gure gastronomiaz, ohituraz eta herri kirolaz disfrutatzeko.

Plazaolako Maratoi Erdiaren irteerak goiz-goizetik sortuko du festa giroa Leitzan.

Goizean goiz sumatuko da festa giroa Leitzan. 09:00etan ehundaka korrikalarik izango dute hitzordua herriko plazan eta, bertatik, Andoainerantz abiatuko dira 26 kilometroko lasterketa zoragarrian.. Hauek Lekunberritik etortzen diren korrikalariekin bat egingo dute Plazaolako Natur Bidean. Guztiek Andoaingo helmuga berbera badute ere, Lekunberrikoek berriz, 42 kilometroko distantzia (maratoia) egingo dute.

Korrikalariek artisauei eta talogilei emango diete lekukoa eta Leitzako plaza artisauen postuez beteko da.

Ohitura den bezala, talogile ezberdinen postuak egongo dira, eta Saralegi eta Villabona talogileek hasiera emango diote festari goizeko 10:00etan, azoka irekiz. Gero, gure gastronomia tradizionalari lotutako jarduerak erakutsiko dira, taloarekin eta baserriarekin zerikusia duten erakusketak izango baitira; hala nola, artisautzarekin ere zerikusia duten postu ezberdinak aurkituko ditugu: gaztak, sagardoa, larrua, eztia, zuraren taila, bitxiak, gozogintza, etabar. Horrela, taloak protagonismoa izango badu ere, bertoko ekoizleek eta produktuek ere toki berezia izango dute, lehenengo sektorea eta eskulangintza goraipatuz eta aldarrikatuz.

Honekin lotuta ere, urtero egiten den bezala, tresna zaharren eta baserriko lanetan aritzeko elementu tradizionalen erakusketa izango da.

Talo lehiaketa eta produktuen zozketa

Goizeko 11:00etan Talo Lehiaketarako izena emateko zerrenda irekiko da. Aurtengoa, hain zuzen ere, lehiaketa honen bederatzigarren edizioa ospatuko da, eta edozeinek parte har dezake eguerdiko 12:00ak baino lehen izena emanda. Eguerdiko 13:00etan epaileek dastatuko dituzte aurkeztutako taloak eta 13:30ean emango dute euren epaia, eta irabazleen sari banaketa izango da (klasifikatzen direnen lehenengo hiruentzako sariak egongo dira).

Pasa den urtean bezala, egun honetan dauden postu ezberdinetan kontsumitu dutenen artean artisau produktuen saskiaren zozketa ere izango da. Horretarako, erosi duten postu bakoitzean izena eman beharko dute eta horrela zozketan sartuko dira. Saria, azokako ekoizle eta artisauen produktuekin osatutako saskia izango da.

Irrintzi txapelketa arratsaldean

Aurten, hirugarren urtez jarraian, taloren festa arratsaldean luzatuko da. Arratsaldean ere artisau postuak egongo dira 16:30etik aurrera. Taloak dastatzeko aukera ezin hobea, Saralegi taloen eta Villabona taloen eskutik. Tresna zaharren erakusketa ere hantxe jarraituko du.

Baina dudarik gabe, arratsalde horretan ikusmin handia sortuko duen ekitaldia Leitzaldeko I. Irrintzi Txapelketa izango da. Izena emateko epea goizean irekiko bada ere, arratsean helduko da irrintzalarien unea. Epaileek irrintziaren iraupena baloratzeaz gain, irrintzien beste ezaguarriak ere epaituko dituzte, besteak beste, indarra, doinua eta emandako amaiera. Kasu honetan ere hiru saridun izango dira. Jakina, irrintzia botatzeko ohitura eta iaiotasuna duten herritar horiek animatu nahi ditugu igande honetan Leitzara hurbildu daitezen eta lehiaketan parte har dezaten.

Leitzako herriak, beste urte batez, dena eman du festa hau aurrera joan dadin eta, jakina, egutegian jai finkaturik dute. Festaren helburua, besteak beste, iraganean gure baserrietako oinarrizko elikagai zena eta belaunaldiz belaunaldi gure amonek etxeko sukaldeko suaren beroarekin prestatzen zutena sustatzea da.

Horrela ba, gonbidatuta zaudete egun honetaz gozatzera etor zaitezten. Espero zaituztegu!! Ekitaldi honek Nafarroako Gobernuearen Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia eta Plazaolako Partzuergo Turistikoko Artisauen Elkartearen babesa jaso du.

Lekunberri, 2017ko Irailaren 12a