Esta web usa cookies

Larraungo Harana

Kultura

Kultura

 

Silla-dantza eta Almute-dantza

Iribasek, inguruko herri gehienek bezala, nekazaritza, abeltzaintza eta artzaintza izan ditu bizimodu. Hamasei bat baserrik osatzen dute, eliza eta ikastetxea. Herriko gizonak (gazte eta nagusiak), eguneko lan gogorraren ondoren, ostatuan bildu ohi ziren. Han izaten zituzten haien “solasaldiak”, han aztertu eta erabakitzen zituzten gai gehienak, eta han ere ospatzen zituzten hainbeste eta hainbeste jai.

Jairik nagusienak Donibane eta inauteriak dira, nahiz eta urtean zehar bestelako jai txikiak ere ospatzen ziren.

Ikus dezagun orain, non, nor eta noiz egiten ziren bi dantza-joku hauek.

Silla-dantza eta Almute-dantza ia beti etxe barruan egiten ziren, familiaren baten etxean edo ostatuan. Ohi bezala gazte jendea nabarmendu da joku hauetan eta, besteak, ikusle, laguntzaile edo animatzaile izan dira.

Familiak edo kuadrillak jaietan edo nekazal lanen une berezietan bildu ohi ziren, hala nola arto-uzta jasotzean eta aletzean. Hauek dira jolas hauentzako unerik egokienak.

Adibidez, inauterietan, gazteek ostatuan ematen zuten denbora gehien, jaten, edaten, abesten… jai betean hiru egun eta gauez. Arratsaldeetan, neskek baimena zuten dantzaldian sartzeko, eta denen artean silla-dantza egiten zuten. 

Giro eta ingurune honetan gauzatzen ziren dantza hauek.

 

Larraungo Ingurutxoa

Dantza multzo hau, belaunaldiz belaunaldi, oinarrizko osagai izan dugu Larraungo ospakizunetan, handi zein txiki, eta bestelako herri topaketetan. Iribas, Alli eta Uitziko kontzejuak dira Ingurutxoa hobekien gorde dutenak.

Herri bakoitzak, ondoko herriekiko, aldaera ezberdinak ditu, baina dantza honen erritmo batasunak aukera ematen zion, nahi zuenari, koru errondan sartzeko.

“Ingurutxoak” bi zati ditu. Lehendabizikoan, 2/4 erritmoduna, bikoteak zapiak hartuta dantzatzen dira. Neskak mutilen eskuinean eta, kokapen hori dela eta, neskek haien ezker eskuaz hartzen dute zapia, mutilek, aldiz, eskuin eskuaz.

Ohiturak dio dantza-zati hau lehen eta azken bikoteek abiatzen dutela, plazari itzuli bat emanez. Ondoren, talde osoa sartu eta musika zati bat dantzatzen da; honen amaieran bikote guztiak zapiaren azpitik pasatzen dira, hain zuzen ere buruan dagoen neska-mutil bikotearen zapiaren azpitik. Talde osoa, dantza hasieran zuten alderantzizko noranzkoan geratzen da, lehenak atzean eta azkenak buruan, eta dantza errepikatzen da. Jauzi eginez egiten den dantza da, mutilek eta neskek pausu bera egiten dute enfasi berarekin.

Bigarren zatia zapirik gabe egiten da eta 3/8 erritmoan, aurreko garai batean kriskitinekin dantzatzen zen. Bigarren zatiaren pausuak “herrestatuak” dira, oinak zoruan irristatzen dira eta “Ingurutxoaren” erritmoa markatzen dute.

Dantza honen eskema orokorra honela laburbil daiteke:

  • Inguru Txiki: doinua 2/4 erritmoan, lehen eta azken bikoteak dantzatua, eta zapi baten bitartez elkartuak.
  • Zubia: bigarren bikotea lehen bikotearen zapiaren azpitik pasatzen da eta aurrean jartzen da.
  • Inguru txiki: aurreko dantza bera, baina bikote ordena aldatuta.
  • Zubia: aurreko bera, baina hasierako lekura itzultzeko.
  • Inguru Haundi: “inguru txikiaren” antzekoa baina bikote guztiek dantzatua.
  • Zubia: bikote guztiak lehen bikoteak heltzen duen zapiaren azpitik pasatzen dira. Azken bikotea lehen tokian geratzen da.
  • Inguru Haundi: aurreko dantza bera, baina azken bikoteak gidatua.
  • Zubia: hasierako tokira itzultzeko.
  • Ingurutxo: dantzatzeko hainbat doinu, baina koreografia aldaketarik gabe.

 

Arkitektura zibil eta erlijiosoa

Gutxi dira haranean gurtzarako erabiltzen diren baselizak, haien artean Azpirozko San Bartolome, Etxarriko Gurutze Santua, Gorritiko Santa Barbara eta Uitziko Dona Grazia.

Arkitektura zibilaren aldetik, etxebizitzak mendialdekoen eskemara egokitzen dira: hiru altuerako etxe-aurreak, bi isurialdeko estalkiak egurrezko teilatu-hegal handiarekin eta hormak harri landuekin luzituak izkina eta baoetan.

ALBIASU

Done Laurendi parrokia – Eliza xalo honen jatorria Erdi Aroan dugu. Egungo itxura 1805 urtean egindako eraberritze garrantzitsu bati zor zaio.

ALDATZ

Done Martin parrokia – 1829an eraikia, goragunean kokatua zegoen antzinako eliza ordezkatu zuen, hilerriko kapera da egun.

Klaratarren komentua – 1891an sortu zuen Jose María de Juanmartiñenak. Komentuko gelak eliza eta klaustroaren inguruan daude. Tenplua estilo neoerromanikokoa da.

ALLI

Donibane eta Done Paulo parrokia – Honen jatorria XIII. mendean dugu, nahiz eta eraberritze garrantzitsu bate gin zitzaion XVIII. mendean. Lan horietan ganga eta gurutzadura berriak egin ziren, horregatik dugu barrokoa bere egungo estilo nagusia.

ARRUITZ

San Kristobal parrokia – Tenplu hau 1200 urte inguruan eraiki zen.

ASTITZ

Done Petri parrokia – Erdi Aroko jatorri aizan dezake, baina jasan dituen konponketa eta eraberritzeen ondorioz egun ez du estilo argirik.

AZPIROTZ-LEZAETA

Done Eztebe parrokia – 1200 urte inguruan estilo protogotikoan eraikia.

San Bartolome baseliza – Landa eremuko baseliza herri gunean kokatua.

Jasokunde eliza – XII. mende amaieran eraiki bazen ere, XIX eta XX. mendean birmoldatua izan zen. Lan horiek elizaren estalkiari eragin zioten batez ere.

BARAIBAR

Mikel Deuna parrokia – XVIII. mendean eraikia, zehazki 1786 inguruan, eliz atarian hala jartzen du. Eliza berri honek hilerri ondoan zegoena ordezkatu zuen.

ETXARRI

Mikel Deuna parrokia – Elizaren egungo itxura XVIII. mendearen azken herenari zor zaio, orduan egin baitziren birmoldaketa eta handitze lan handiak. Hauek jatorrizko eliza ezkutatu zuten.

Gurutze Santuaren baseliza – Herritik urrun, oin errektangularra du, horma luzituak eta egurrezko estalkia.

ERRAZKIN

Done Martin parrokia – Egungo eliza 1798 eta 1801 artean eraiki zen, eraitsi zen aurreko elizaren oinetxean. Obra berriaren traza keta baldintzak Antonio de Barinagak eman zituen eta aurrekontua 13.29 errealekoa izan zen.

GORRITI

San Bartolome parrokia – XVIII. mende amaiera eta XIX.aren artean eraikia.

UITZI

Done Mikel parrokia – XVIII. mendean eraikia, itxura ederreko eliza hau estilo barrokoan egin zen.

Dona Grazia baseliza – Itxura modernoko eraikin hau herritik hiru bat kilometrora dago.

IRIBAS

Donibane parrokia – XIII. mende hasieran eraikia, protogotikoa.

MADOTZ

Donibane parrokia - Estilo neoklasikoa eraikia, XIX. mende hasierakoa dugu. Obraren mezenas Josef Benito Legar jn. dugu, eliz atariaren gainean idatzita dagoenaren arabera.

MUGIRO

Done Petri – Tenplu berria 1797an hasi zen eraikitzen eta inaugurazioa 1812an izan zen, lanen kostua 19.165 erreal izan ziren.

ODERITZ

Done Laurendi parrokia – Erdi Aroko eraikin xaloa, 1200 inguruan eraikia, erromanikotik gotikora trantsizioan.

 

Gorritiko gaztelua

Gorritik kokagune mehatxatua eta, aldi berean, babestua zen, bere muga izaera dela eta. Hortaz, defentsa eta pasabide zerbitzuak jasotzen zituen, eta bidesarien kobratze funtzio garrantzitsua ere betetzen zuen. Oroitarazi gaur egun, oraindik ere, etxe batek  Taula izena mantentzen duela (honela izendatzen ziren funtzio hori betetzen zuten etxeak).

Kokapen geografikoa dela eta, Gorriti Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko pasabideetako bat zen, Tolosa eta Iruñea lotzen zuten ibilbidean. Gazteluak Gorriti igarotzen zuen bidea babesten zuen eta Araxes haranaren beheko bidea zaintzen zuen Azpirozko gain aldera.

Kokaleku hori, aldi berean abantailatsua eta gatazkatsua zen: babesten zuen gazteluak etsaia honen ateetaraino erakartzen zuen eta, berez, gazteluak konkista eta birkonkisten gorabeherak bizi izan zituen.

Gazteluaren jabegoaren txandakatze horrek eragina izan zuen herriko bizitza eta ekonomian, interes gatazkak sortuz bertako herritarren artean.

Baina gaztelua, zalantzarik gabe, aberastasun iturri ere izango zen, honen funtzionamenduak mantenu zerbitzua eskatuko baitzuen eta soldadu-taldeak intendentzia beharrak izango zituelako.

Txar oro iparretik dator, Gorritin, ez da esaera soil bat. Sinismen honek herrian biziraun du, leku hau, Nafarroako sarbide, kostalderako bidean ziren herrixken sarraldi eta arpilatzeez babesten zuen gazteluak baino askoz denbora gehiago.

Gotorlekuak, mendebaldeko paisaian gailentzen den mendi tontorrean lekutua (orain Santa Barbara izenez ezaguna, gazteluaren hondakinen gainean eraiki zen baselizagatik, eta bertan Erdi Aroko uharka gordetzen duena), ostatu lanak egin zituen, talaia pribilegiatua izan zen Araitz eta Areso haranen gainean –Nafarroako bi sarbideren ateak-  eta zerga biltzeko lekua ere izan zen, zegokion pertsonen eta merkantzien igarobide-eskubidea dela eta.

"El Castillo de Gorriti. Un pueblo recupera su memoria" liburuaren zatia